Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala

Hasiera orria

Sarrera

Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak herritar guztien eskura jartzen du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. 1948ko abenduaren 10ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu eta aldarrikatutako adierazpena da. Zuzendaritza Nagusiak prestatu duena bertsio multimedia eta irisgarria da.

Sortu zenetik, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak Giza Eskubideen defentsaren eta sustapenaren inguruko politika publikoak eta jarduerak bultzatu ditu. Hainbat ezaugarritako kontzientziazio- eta sentsibilizazio-jarduera gauzatu ditu betiere hainbat pertsonaren, ikastetxeren, gizarte-kolektiboren eta erakunderen lankidetza eta parte-hartzea bilatuz.

Tresna honek lanerako eta ekintzarako beste baliabide bat gehiago izan nahi du. Adierazpenak jasotzen dituen 30 artikuluak eskura daude horien inguruko jarduerak garatu nahi dituzten guztientzat.

Hurrengoa

Hitzaurrea

Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako kide guztien berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen direla;

Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz, giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan direla; eta gizon-emakumeek, beldur eta gabezia orotik aske, hitz egiteko askatasuna eta sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera aldarrikatu dela gizakiaren helburu nagusi;

Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakia-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin;

Kontuan izanik ezinbestekoa dela, baita ere, herrialdeen artean harreman lagunkoiak bultzatzea;

Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek gizakiaren oinarrizko eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen eskubideen arteko berdintasunean duten fedea tinko azaldu dutela Agirian; eta, askatasunaren ikuspegi zabalago baten barruan, gizarte aurrerakuntza sustatzeko eta bizitza-maila jasotzeko erabakita daudela adierazi dutela;

Kontuan izanik Estatu Kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, gizakiaren oinarrizko eskubide eta askatasunen begirune orokorra eta eraginkorra ziurtatzeko hitza eman dutela;

Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi handikoa dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea;

Batzar Nagusiak

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal hau egiten du herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek eta bai erakundeek. Aldarrikapen honetan etengabe oinarrituta, alde batetik, eskubide eta askatasun hauen begirunea bultza dezaten irakaskuntzaren eta hezkuntzaren bidez eta, bestetik, nazio mailan eta nazioarte mailan arian-arian neurriak hartuz, era eraginkorrean eta orokorrean ezar daitezen ziurtatzeko, bai elkarkide diren estatuetako herrien artean eta baita horien eskumenpean dauden lurraldeetan ere.

Aurrekoa
Hurrengoa

1. Atala

Txupetea ahoan duen haurtxo baten irudia. Lo dago eta oihalekin bilduta. Ilustrazio horietan azalaren tonuak ez datoz bat ikuspegi errealista batekin. Modu honetan, azal gorria, berdea edo urdina duten pertsonak aurki ditzakegu. Kasu honetan, umetxoak larruazal morea eta ile berdea ditu.

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.

Aurrekoa
Hurrengoa

2. Atala

Bildutako pertsona talde baten irudia. Gizon txiki bizardun bat, haur betaurrekodun bat, ile horiko pertsona urdin bat, gizon ilegorri bat, haurdun dagoen emakume bat eta emakume bat aulki gurpildun batean.

Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.

Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako burujabetasun-mugak dituena.

Aurrekoa
Hurrengoa

3. Atala

Naufrago baten marrazkia, ur gainean mantentzen duen taula baten gainean.

Norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

4. Atala

Eskuak eskuburdinez lotuta zituen kate bat apurtzen duen pertsona baten irudia.

Inor ez da izango besteren esklabu edo uztarpeko; debekatuta dago esklabutza eta esklabuen salerosketa oro.

Aurrekoa
Hurrengoa

5. Atala

Kukubilko dagoen emakume baten irudia, burua estaltzen ari da. Esku mehatxatzaile batzuek inguratzen dute.

Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere.

Aurrekoa
Hurrengoa

6. Atala

Balantza baten marrazkia. Ezkerreko platertxoan hiyab-a duen emakume bat dago eserita. Eskuinekoan, betaurreko beltzak eta makila dituen gizon bat.

Edozein gizon-emakumek du, nonahi, legenortasundun dela aitor diezaioten eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

7. Atala

Bere burua jaurtigai batzuetatik defendatzen duen gizon baten marrazkia, gaztelaniaz eta euskaraz irakurtzen den armarri batekin: Giza Eskubideak.

Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute Aldarrikapen hau hausten duen edozein bereizkeriaren aurka eta bereizkeria horren eragileen aurka babes berbera izateko eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

8. Atala

Toga bat eta epaile-mailu bat daramatzan pertsona baten irudia. Beste eskuan, izarrez inguratuta dagoen paper idatzi bat dauka. Pertsonak inplante koklear bat ere badarama.

Pertsona orok du Konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen dizkieten oinarrizko eskubideak hausten dituzten ekintzetatik babesteko, norbere herrialdeko auzitegi aginpidedunetan errekurtso eraginkorra jartzeko eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

9. Atala

Emakume baten irudia, besoak luzatuta korrika. Bere aurrean hautsi den zinta gorri batez inguratuta dago.

Inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.

Aurrekoa
Hurrengoa

10. Atala

Gizon bat zutik, balantza bat marraztuta duen atril baten aurrean hizketan.

Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi burujabe eta alderdikeriarik gabean jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten, nahiz bere eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, nahiz bere aurkako salaketa penalak aztertzeko.

Aurrekoa
Hurrengoa

11. Atala

Eskuak altxatuta dituen pertsona baten irudia. Hatz erakusleaz seinalatzen duten eskuez inguratuta dago.
  1. Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean. Epaiketan bere burua zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.

  2. Egintzak edo behar-uzteak izandakoan, herrialdeko edo nazioarteko legeriaren arabera delitu ez baziren, ezingo da inor kondenatu. Delitua egitean ezargarri den zigorra baino larriagorik ere ezingo zaio jarri.

Aurrekoa
Hurrengoa

12. Atala

Isilpean etxe batean sartu nahi duen pertsona baten irudia. Beltzez jantzita dago, ilea eta aurpegia estalita ditu eta zaku bat darama eskuan.

Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

13. Atala

Emakume baten marrazkia, motxila eta maleta jantzita, seinale baten ondoan lasai ibiltzen, ezker-eskuin seinalatzen dituzten bi gezirekin.
  1. Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta Estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa.

  2. Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberetik ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa.

Aurrekoa
Hurrengoa

14. Atala

Eserita dagoen emakume baten marrazkia, hankak loto-jarreran dituela. Begiak itxita ditu eta zirkunferentzia urdin batek inguratzen du.
  1. Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea.

  2. Eskubide horretara ezin izango da jo delitu arruntek sortutako auzibideko egintza baten aurka, ezta Nazio Batuen helburu eta irizpideen aurkako egintzak direla-eta ere.

Aurrekoa
Hurrengoa

15. Atala

Emakume baten irudia, eskuan argazki bat eta izarrez inguratutako testu bat daramana.
  1. Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea.

  2. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere.

Aurrekoa
Hurrengoa

16. Atala

Bi giza irudi, eskuak elkarri lotuta. Haien erdian, bihotz bat. Irribarretsu begiratzen dute.
  1. Gizonek eta emakumeek, ezkontadinetik aurrera, ezkontzeko eta familia osatzeko eskubidea dute, arraza, herritartasun edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura ezabatuz gero ere.

  2. Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik.

  3. Familia da gizartearen oinarri jatorra eta berezkoa, eta Estatuaren eta gizartearen babesa izateko eskubidea du.

Aurrekoa
Hurrengoa

17. Atala

Eskuan behatza altxatzen duen banderatxo bat duen gizon baten irudia. Lurrean margotutako zirkunferentzia urdin batez inguratuta dago.
  1. Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean.

  2. Arrazoirik gabe, ez zaio inori bere jabegoa kenduko.

Aurrekoa
Hurrengoa

18. Atala

Pertsona talde baten marrazkia. Gorriz jantzitako gizon bat, kasketa eta gurutze bat duena, buruan zapi arabiar bat daraman gizon bizardun bati eskua emanda dago. Bere ondoan, bekokian bindi bat daraman emakume bat eta gizon bat daude. Biek esku ahurrak bularraren aurrean lotuta dituzte.

Pertsona orok pentsamendu-kontzientzi eta erlijio-askatasunerako eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna eta baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan irakaskuntzaz, jardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere.

Aurrekoa
Hurrengoa

19. Atala

Zeinu-mintzairaz hitz egiten ari den gizon baten marrazkia.

Gizabanako guztiek dute iritzi- eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.

Aurrekoa
Hurrengoa

20. Atala

Hiru pertsonaren irudia, besoak besteen sorbaldetan dituzte eta elkarri eskua emanda daude. Haurdun dagoen emakume bat eta bi gizon dira.
  1. Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.

  2. Inor ezingo da behartu elkarte bateko kide izatera.

Aurrekoa
Hurrengoa

21. Atala

Beste gutun-azal batzuk dauden kristalezko kutxa batean gutun-azal bat sartuko duen gizon baten marrazkia, beste eskuko erpuru bat altxatzen duen bitartean.
  1. Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.

  2. Pertsona orok du berdintasunez norbere herrialdeko funtzio publikoan sartzeko eskubidea.

  3. Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen oinarria; borondate hori aldian-aldian egingo diren benetako hauteskundeetan adieraziko da. Hauteskundeok bozketa orokor eta berdinez eta isilpeko boto bidez egingo dira, edo boto askatasuna bermatzen duen beste bide batez.

Aurrekoa
Hurrengoa

22. Atala

Besoak luzatuta alai salto egiten duen emakume baten irudia, hiru komiki ogitartekoz inguratuta. Batean, engranaje-gurpilak daude irudikatuta; bestean, txanponak eta billeteak; eta hirugarrenean, liburu bat.

Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko eskubidea eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, Estatu bakoitzaren antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, norbanakoaren duintasunerako eta nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren ekonomi, gizarte eta kultura mailako eskubideak asetuta izatekoa.

Aurrekoa
Hurrengoa

23. Atala

Hiru pertsonaren ilustrazioa. Gizon bat eta emakume bat txalekoa, kaskoa eta paleta eskuan eta emakume bat sendagile-batarekin.
  1. Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan-baldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa, eta langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa.

  2. Pertsona orok du, bereizkeriarik gabe, lan beragatik lansari berbera jasotzeko eskubidea.

  3. Lanean ari denak bidezko lan-saria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea du, bai bera eta bai bere familia, giza duintasunari dagokion bezala bizitzeko bestekoa. Horretarako aski ez bada lansaria, gizarteko laguntzaren bidez osatuko da.

  4. Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

24. Atala

Emakume baten marrazkia, sofa batean eserita, irakurtzen.

Pertsona orori dagozkio atsedenerako eskubidea, aisiarakoa, lanaldiaren iraupen mugatua izatekoa eta aldian-aldian ordaindutako oporrak izatekoa.

Aurrekoa
Hurrengoa

25. Atala

Familia baten marrazkia, haurtxo bati eusten diona eta barazkiak dituen erosketa-orga bat duena. Etxe itxurako marra batek inguratzen ditu.
  1. Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku-sorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahigabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.

  2. Amek eta haurrek laguntza bereziak jasotzeko eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik nahiz ezkontzatik kanpo jaiotakoek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea dute.

Aurrekoa
Hurrengoa

26. Atala

Hiyab-a duen emakume baten irudia, liburu pilo batean eserita, irakurtzen. Bere atzean, eragiketa matematikoak dituen arbel bat dago.
  1. Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza doakoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea derrigorrezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra; eta denek izango dute goi-mailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.

  2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkarulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du; eta Nazio Batuen jarduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.

  3. Gurasoek edota legezko tutoreek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.

Aurrekoa
Hurrengoa

27. Atala

Gizon baten irudia, Hamleten ohiko eszena irudikatzen duena, garezur bat eskuan duela. Foku batekin argiztatuta dago.
  1. Pertsona orok du eskubidea elkarteko kultur ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta zientzi aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko.

  2. Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen egile diren pertsona guztiek dute interesak eta materialak babes dakizkien eskubidea.

Aurrekoa
Hurrengoa

28. Atala

Begiak eta ahoa irribarrez dituen globo lurtar bat besarkatzen ari den pertsona baten marrazkia.

Pertsona guztiei dagokien eskubidea da, Aldarrikapen honetan azaldutako eskubide eta askatasunak era eraginkorrean garatuko dituen gizarte mailako eta nazioarteko ordena ezar dadin.

Aurrekoa
Hurrengoa

29. Atala

Kolore ezberdinak dituzten eskuen multzo baten marrazkia, erdian elkartuta daude.
  1. Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere baditu, komunitatea baita bere nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra.

  2. Pertsona orok, gainontzeko herritarren eskubide eta askatasunen begirunea ziurtatzeko eta gizarte demokratiko bateko moral, ordena publiko eta ongizate orokorreko bidezko eskakizunak betetzeko legez ezar daitezen mugak baino ez ditu izango dagozkion eskubide eta askatasunez baliatzeko orduan.

  3. Eskubide eta askatasun hauetaz ezingo da inor baliatu Nazio Batuen helburu eta irizpideen aurka.

Aurrekoa
Hurrengoa

30. Atala

Koloretako eskuen ilustrazioa, euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen den izarrez inguratutako liburu batera hurbiltzen: Giza Eskubideak.

Aldarrikapen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu Estatuari edo talde edo norbanakoren bati Aldarrikapen honetan bertan adierazitako edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko ekintzak edo jardunak burutzeko eskubidea ematen zaionik.

Aurrekoa
Atal guztiak